top of page

Proiektuaren lehen saioa, kultura desberdinetako 20 kideekin burutuko dugu. Konkretuki, Lakua Arriaga auzoko 20 gazteekin hain zuzen ere. Saio honen helburu nagusia, kultura desberdinetako pertsonak euren arteko harremanak garatzeaz aparte, etorkizuneko saioak ahalik eta hobekien prestatzeko irakaspenak ateratzea izango da.

Horretaz gain, 20 gazte hauek euskal pilotaz gozatzea eta euren artean ongi pasatzea ere bilatuko dugu saio honekin noski. Horregatik, helburua ez da izango euskal pilotako modalidade desberdinak dominatzea, baizik eta ariketa desberdinen ezaugarriek kideak integratuta sentitzeko bide ematea.

SAIOAREN DINAMIKA

AURKEZPENA:

Parte hartzaile bakoitzak bere buruaren aurkezpena egingo du ( izen-abizenak, adina, gustuak eta ze kulturatik datorren). Horretarako, talde guztia borobilean jarriko da eta pilota eskuetan duenak bere burua aurkeztu beharko du. Bere burua aurkeztu ondoren, pilota beste taldekide bati pasa beharko dio eta honek bere burua aurkeztuko du. Guztiek bere buruaren aurkezpena egiten dutenean amaituko da ezagutza jolas hau.

BEROKETA EDO AKTIBAZIOA:

Talde osoa bikoteka jarriko da, eta bikote bakoitzak pilota bat izango du. Pilotaleku guztian zehar sakabanatuko dira bikote guztiak, eta dinamizatzaileak esandako ariketa bete beharko dute bion artean. Progresiboki ariketak zailtasunez handitzen joango dira, baita ariketa bera egiteko modua ere. Ariketak honako hauek izango dira:

  • Batak besteari airez pasa ( hasieran bi eskuekin eta gero esku bat soilik erabiliz).

  • Batak besteari botez pasa ( hasieran bi eskuekin eta gero esku bat soilik erabiliz).

  • Batak besteari pilota lurretik pasa ( hasieran bi eskuekin eta gero esku bat soilik erabiliz).

  • Batak besteari pilota pasa pareta baliatuz, airez edo botearekin ( hasieran bi eskuekin eta gero esku bat soilik erabiliz).

Lehenengo ariketa egin ostean, beste jolas bat burutuko dugu beroketarekin jarraitzeko. Harrapaketa jolas berezia diseinatu dugu, hain dibertigarria den kaleko jolas hau euskal pilotarekin harremanetan jarriz. Talde osoak jolastuko du batera, pilotaleku osoa espazio bezala izanik. Hasieran, harrapatzaile bat egongo da ( pilota duena) eta betse kideak harrapatzen saiatu beharko da. Kide bat harrapatzean, pilota honi pasa eta azken honek hartuko du harrapatzaile rola. Jolasa aurrera doan heinean, dinamizatzaileak pilota gehiago emango dizkie kideei, harrapatzaile kopurua gehitzen joango delarik modu honetan. Horrela, jolasa dinamikoagoa izango da eta kideen arteko elkar harremana etengabea izango da.

images.jpg

EUSKAL PILOTAKO ARIKETAK

Beroketa eta gero, euskal pilotako ariketak egiten hasiko gara. Denok ariketa guztiak egiteko, talde osoa 5 kideko 4 talde txikitan banatuko dugu. Horrenbestez, pilotalekua ere 4 espazio mugatuetan banatzea ezinbestekoa zaigu ( frontisa, kontrakantxa, kantxaren erdia eta errebotea). Espazio bakoitzean jokatuko diren ariketak hauek dira:

1. Ariketa ( frontisean):

5 kideko taldeek parte hartu beharko dutela jakitun izanik, bikote bat eta hirukote bat sortuko dugu. Bikoteko eta hirukoteko kideak euren artean eskutik emanda aritu beharko dira ariketa honetan.

 

Hau esanda, bi taldetxoak moldatutako partidu bat jokatu beharko dute, hau da, partidu errealaren zailtasunak sahiesteari begira, arauak aldatuko dira jokoa errazteko. Batetik, pilota normal jotzeko aukera izango dute, baina beste alde batetik, pilota hartu eta botatzeko aukera ere izango dute. Hala ere, kide batek pilota hartzeko autua egiten baldin badu, ezin izango du berak bota frontisera, baizik eta bere taldekideari pasa eta honek bota beharko du. Hirukotearen kasuan, aldeko biek soilik izango dute aukera pilota hartu eta botatzeko, eta horregatik, erdian dagoen kidea aldeetako batean dagoenarekin aldatu beharko da maiztasun gehiagorekin.

2. Ariketa ( kontrakantxa):

Ariketa hau 3 ataletan egitea erabaki dugu, eta 3 ataletan beharrezkoa izango da kideak bi talde txikitan banatzea ( kasu honetan, 2 pertsonako talde bat eta 3 pertsonako beste bat).

 

Lehenik eta behin, arto-buru jolasa egingo dute, baina berezitasun bat egonik. Arto-buruak izan   beharrean, 6 pilota jaso beharko baitituzte. Gainera, pilotak ilarara ekartzeko, boteak ematen desplazatu beharko dira.

 

Hurrengo jolasean, talde bakoitzeko kide banak pilota bat eman beharko du pala baten gainean, eta metro batzuetara egongo den kono bat inguratu ostean ilarara bueltatu beharko du. Ilarara bueltatzean, pala eta pilota eman beharko dizkio taldekideari, eta orduan honek ibilbide berbera egin beharko du. Kontuan hartu behar da ere, bide erdian pilota palatik eroriz gero, hasieratik hasi beharko duela ibilbide osoa. Talde bakoitzak 6 aldiz burutu beharko du ibilbidea.

Amaitzeko, Harri-Orri-Ar jolasa egingo dugu, baina beste jolasak bezala moldatuta egongo da. Aurreko jolasean bezala, 2 talde egongo dira 2 ilara desberdinetan. Ilara hauek, 6 uztailez loturik egongo dira ibilbide erdizirkular baten bidez. Jolas honetan ere, kideek pilota bat eman beharko dute pala baten gainean, eta pilota eroriz gero, berriro hasi beharko dute ibilbidea. Uztailetik uztailera joan beharko dute, eta beste taldeko batekin topatzean Harri-Orri-Ar egingo dute ( puntu batera). Irabazten duenak jarraitu egingo du uztailetatik eta galtzen duenak bere ilarara bueltatu beharko du, beste taldekide bat bere partez aterako delarik. Kideren batek ibilbide osoa egitea lortzen badu, puntu bat lortuko du bere taldearentzat.

3. Ariketa ( kantxaren erdia):

Frontoieko paretatik metro batzuetara jarriko da taldea ( 5 kide) ilara bat osatuz. Dinamizatzailea ilararen alboan kokatuko da distantzia jakin batera, eta kide bakoitzak pilota jo eta gero dinamizatzailea inguratu beharko du korrika ilarara bueltatzeko. Jarduleak ongi ari direla iruditzen bazaio dinamizatzaileari, ilaratik geroz eta gehiago urrunduko da. Egoera kontrakoa izaten bada, ordea, ilaratik gertuago kokatuko da.

4. Ariketa ( errebotea):

Ariketa hau egiteko, txapatik 3 metrora gutxi gorabehera marra bat marraztuko da. Jarduleak kantxako aurreko koadroetan ilaran kokatuko dira. Beraz, pilota jotzean marraztutako marra gainditzen saiatu beharko dira. Gainditzen ez duenak, pilota hartu eta hiru aukera izango ditu helburua lortzeko, hau da, pilotak marra gainditzeko. Hiru aukera horietan gainditzen ez badu, talde guztiak lehenik erreboteko pareta eta ondoren LUZE markatzen duen marra ( 7 zenbakiko marra) ukitu beharko du ahalik eta azkarren.

5. Ariketa ( frontisean):

Azken ariketa hau talde osoak batera jokatuko du, frontisean arituko direlarik ( paretatik laugarren marra arte). Euskal Herriko txoko desberdinetan modu batera edo bestera jokatu ohi den joko tradizional bat da hau, baino hala ere, edozein herriko plazan falta ezin den joko bezala ezagutzen da.

 

Saio honetan, denak denen aurka arituko dira eta kide batek txarra egitean, kanpora joan beharko da zuzenean hurrengo partida hasi arte. Dinamizatzaileak erabakitzen duenean, jokoak konplexutasun gehiago hartuko du. Adibidez, txarra egitean kanpora zuzenean joan beharrean, beste kide batzuk harrapatu ahal izango ditu hauek bere ordez eliminatuak izan daitezen. Azkenik, kide batek txarra egitean, kanpora joan beharrean frontisean kokatuko da. Bertan, aukera izango du jokoan ari diren kideen pilotakadak hartu eta berriro jokora bueltatzeko pilotakada jo duenaren ordez (bi eskuekin hartzen badu pilota bera bakarrik sartuko da jokoan, eta esku batekin hartuz gero, frontisean dauden kide guztiak sartuko dira jokora).

AMAIERA

Saioari bukaera emateko, merendola bat egitea erabaki dugu. Bertan, janaria eta edaria egongo da gazteentzat, eta modu ezinhobea iruditu zaigu beraien arteko harremanak garatu ahal izateko.

Planteatu ditugun ariketak errazago irudikatzeko eta ulertzeko, ariketa bakoitzaren bideo bat dago eskuragarri MULTIMEDIA orrian.

bottom of page